Indartze eskolak eta hainbat tailer arratsaldeetan.
Eskaintzen dugun hezkuntzaren oinarrizko tresna eta motorra euskara da. Ikasleek euskara aktiboki erabil dezaten sustatzen dugu, bai irakasleokiko jardunean baita euren artekoan ere, hori delako modu bakarra Oinarrizko Hezkuntza bukatzerako euskaldun oso izan daitezen. Horrez gain, kontzientzia hartzea nahiz euskal kulturarekiko ezagutza eta errespetua ere lantzen ditugu zenbait ekintzen bidez.
Ikasleen ongizate emozionala lehentasuna da gurean, uste dugulako ezinbesteko baldintza dela emaitza akademiko onak lortzeko. Gauzak horrela, orientatzaileek eta irakasleek batera egiten dugu lan ikasle guztiak ikastetxera pozik eta gustura etortzen direla bermatzeko, eta arreta berezia jartzen dugu eskola jazarpena eta bestelako arazoak errotik ekiditeko.
Ezagutza soilak berez baliorik gabekoa direnez, eskaintzen dugun hezkuntza giza-balioetan oinarritzen da. Elkarbizitza, errespetua, aniztasuna, berdintasuna, tolerantzia, autonomia, demokrazia, etab. Lan munduan arrakasta izateaz gain, gizartea eraldatzeko eta hobetzeko kapaz diren ikasleak prestatu nahi ditugu.
Hezkuntza jarduera ahalik eta eraginkorrena izan dadin, beharrezko diren berrikuntza pedagogikoak txertatu ditugu gure egunerokoan. LOMLOE erreformarekin batera datorren konpetentzien irakaskuntza, baliabide digitalen erabilera, lan kooperatiboa, eta eleaniztasuna gelan.