Ibarrekolanda BHI-ko DBH 2. mailako ikasleekin egon berri gara Lemoizen, barnetegian, duela bi aste eskas kronika hau idazten hasi aurretik. Barnetegiak ezagutzen ez dituzten irakurleentzat, azaldu beharra dago erakunde moduan euskararen erabilera sustatzeko tokiak direla, bertan egonaldiak eginez ikasleek hizkuntzan inmertsioa esperimentatu dezaten, eta gurea bezalako hizkuntza gutxitu batean normaltasun osoz bizi daitekeela frogatzen duen esperientzia biziaraziz.
Lan eskerga da betidanik euskararen alde egitea, batez ere Bilbo Handian XIX. mendetik gertatu izan diren eta gertatzen ari diren biztanleria bilakaerak tartean egonda, mundu osoko hizkuntzak gurera ekarri dituztenak, eta komunikazio tresna nagusi moduan gaztelera erabiltzera bideratu gaituztenak egunerokotasunean. Honen aurrean kikildu ordez, eta etengabekoa dirudien erdalduntze prozesu bati aurre eginez, erresistentzia gune hauen lana txalotu beharra dago, eta bertan lan egiten duten monitoreei euskaltzale moduan zor dieguna ez dago neurtzerik.
Lemoizko barnetegia bera paisaia eder batek inguratzen duen beinolako baserria dugu, mendixkez eta larreez inguratuta dagoena, eta bertan ere abereak dituena, hipika klubaren aurrean kokatuta – zaldiekin entrenamenduak ikusteko parada eta guzti!-. Bistak ere ikusgarriak dira, oskarbi dagoenean Sopela eta Plentziako kostalde osoa ikus baitaiteke. Askotariko ekintzak egin ditugu bai bertan bai aldirietan, adibidez, Gorlizeko hondartzara irteera, Berangon rokodromoan ibiltzea eskaladan, hainbat eta hainbat jarduera eta dinamika barnetegiko tatami gelan… Ondo pasatu dute gure ikasleek, gero, nahiz eta bien bitartean haiekin batera joan garen irakasleoi buruko min bat baino gehiago eman.
Aipagarriena, ordea, ez da gozamen hau izan, baizik eta ikasleek eduki duten bilakaera. Egonaldia bukatzeko momentuan hartutako neurketek (eta jarduerak gauzatzen zebiltzan bitarteko behaketak berak) erakutsi digute hizkuntza erabilera indartu dela taldean, eta ikasleen beraien euskararekiko lotura handitu dela. Hau dena, ordea, bigarren plano batean jarriko nuke ikusi dudan etekin nagusiaren aldean: Talde kohesioaren eta harremanen hobekuntza itzela, bereziki alderdi hori indartzea behar duten ikasleak izanda.
Laburbilduz, esperientzia polita eta gomendagarria adin honetako ikasleentzako, hizkuntza murgiltze aldetik hobekuntza nabarmenak gauzatzeko lau egun apur bat motz suertatu arren, bizikidetza landu eta hobetzeko sekulako balioa duena. Irakatsi baino gehiago, gure nerabe hauek apur bat hezi ditugu etorkizun batean egokiro gizarteratutako pertsona bilakatzeko bidean, eta ez da gauza makala.