Ikasturte honetan Eremuka lanean hasi gara 1. eta 2. DBHn, momentuz esperimentazio moduan eta metodologia berria ezagutzeko asmoz, baina dagoeneko ikasleek zenbait proiektu interesgarri burutu dituzte
BioGeo + Matematika eremua 1. DBHn
Eremu honetan ikasleek eguzki sistemarekin lanean ibili ziren. Taula bat bete zuten tamianak eta distantziak kontuan hartuta, eta azken produktu bezala haren irudikapena egin zuten klaseko beiran.
Ingelesa + Gaztelania eremua 1. DBHn
Proiektu honetan ikasleek euren eskolakideen iritziak jaso zituzten. Horretarako, galdetegi bat prestatuko zuten Google Forms erabilita. Ikasleei garrantzitsuak edo interesekoak iruditzen zitzaizkien galderak sartu zituzten taldeka. Informazioa jaso ondoren, aurkezpen bat prestatu zuten jasotako erantzunak aurkezteko.
Geo-Historia + Euskara eremua 1. DBHn
Proiektu honetan kokapen geografiko bana eman zitzaion talde bakoitzari eta horren gaineko informazio geografiko eta kulturala bildu behar zuten. Ondoren, informazio hori Google Site batean txertatu zuten, itxura zainduz eta antolaketa argi eta erraza ezarriz. Hona hemen adibide batzuk: Sao Paulo, Sao Paulo 2, Sidney, San Petersburgo eta Kinshasa. Argazkietan, ikasleen aurkezpenak ikusgai:
Fiki + Matematika eremua 2. DBHn
Ontzien erabilera murrizteko gure planetan zein material dauden jakiteaz gain, horiek modu erangikorragoan nola erabiltzen diren ikasi dute ikasleek. Horrek ahalbidetuko du gure bizimodua eta etorkizuneko belaunaldien ere natura-baliabideak erabili ahal izatea. Azken ekoizpen moduan, hezkuntza komunitateari zuzendutako mezua eta kartela sortu dituzte ikasleek, ontzien ekoizpena eta konsumoaren murrizketa eta berrerabilpenari buruzko hausnarketa jasota eta konsumoa murrizteko proposamenekin.


Ingelesa + Gaztelania eremua 2. DBHn
Ikas-egoera honen bitartez, ikasleek behar dituzten baliabide guztiak jasoko dituzte edozein motatako narrazio bat sortzeko edozein hizkuntzatan (kasu honetan ingelesez eta gaztelaniaz). Hizkuntza batean garatutako konpetentzia beste batera transferituko dute, komunikaziorako konpetentzia zabalagoa eraikiz. Azken ekoizpen moduan, narrazioak sortu dituzte bi hizkuntzetan ikasi dutena aplikatuz eta horietatik hiru narraziorik onena aukeratu dira, bai ingelesezkoak zein gaztelaniazkoak. Jarraian, pare bat adibide ikusgai:
Geo Historia + Euskara eremua 2. DBHn
Zazpi Kaleetan barrena ibilbide bat zehaztu da eta ikasleei aurkeztuko zaie. Lehendabizi, informazioa bilatu dute interneten (fidagarria eta baliozkoa dena), eta behin informazio hori edukita, taldetxo bakoitzak bere atalean zer ikus daitekeen biltzen eta deskribatzen duen gida bat sortu du euren hitzetan eta dagokion hiztegi espezifikoa erabiliz (arkitektura alorrekoa, eta Erdi-Aroko gizarte antolamendu eta bizimoduari dagokiona), elementu historiko garrantzitsuetan erreparatuz, batez ere Erdi-Aroarekin zerikusia dutenak arkitektura, bizimodu edota gizarte antolamenduari dagokionez (Erronda kalean antzina harresia zegoela, kasu). Informazio hori gida turistikoa den heinean, jarraibide zein deskribapen testuen arteko konbinazio bat da, eta beraz testu tipologia hauen bien ezaugarriak uztartzen dituena, eta hizkuntza erabilera eta idatzizko ekoizpena landu dituzte honen sorreran. Behin hori bukatuta, podcast modura, talde bakoitzak bere atalaren grabaketa ere egin du. Grabaketa hauek uztartu eta zentro osoarentzako ere argitaratu dira.